Basotu

2012an lursail bat erosi nuen. Aspalditik nenbilen lursail baten jabe izateko premia handia sentituz. Bilakaera luze baten ondorioz, bat erosi nuen.

Zenbait ustiapen mota aztertu eta gero, ezerk ez ninduen guztiz asetzen. Beti izan nintzen naturaren eta zuhaitzen maitalea eta halako batean harizti bat sortzea bururatu zitzaidan. Nahiz eta hasiera batean ideia hau baztertu, etekin ekonomikorik ematen ez zuelako, froga egitea erabaki nuen 5.000m2-ko lursail bat landatuz. Orduz geroztik urtero landaketak egin ditut eta ia 4 ha arte osatu dut basoa.

Inoiz ez naiz damutu erabaki honetaz eta aukera dudanean inguruko lursailak erosten ditut basoa handitzeko. Orain ez nau larritzen diru etekinaren arazoak, ze badakit bizitzak gehiago emango didala. Zorionerako bidea da baso natural bat sortzea, ze urtetik urtera hazten ikusiko duzu, nola txoriak jartzen diren zuk landatutako zuhaitzetan eta nola bizitza etortzen hasten den bere mila aurpegiekin.  Bizitzaren muinarekin harremanetan jartzen zaitu eta zure barruko natura intimoarekin adiskidetzen laguntzen zaitu. Poza emango dizu jabetzeak bizitzaren alde zerbait egiten ari zarela. Hunkigarria da ikustea nola zure baso gaztean ehundaka txori alai eta berritsu han eta hemen hegaka dabiltzan. Polita ere lehen orbelak udazkenean erortzen ikustea, ama lurrak bere gardentasunez lurra bedeinkatuko balu bezala. Polita nire 3 urteko alabari natura maitatzen erakustea berarekin haziko den baso baten bidez. Polita edertasunari leiho txiki bat zabaltzea gaurko itsusikeri eta lotura arrotzetik urrun. Kanpoan egiten duguna barruan egiten dugulako; kanpoan hazten ari den basoa gure barruan hazten ari da.

Onura guzti hauetaz jabetu ondoren beste lur jabeei gonbidapena luzatu nahi diet berdina egin dezaten. Agian gure zahartzarora iristean atzera begiratu eta, beste helburu batzuk bete ez baditugu ere, harro egongo gara zerbait ederra egin izanaz, bizitzaren alde jokatu izanaz eta etorkizuneko haurrei leku bat eman izanaz.

Zuhaitzak, basoak eta natura maite ditugunen elkargune bat da hau. Eta, bereziki, bertako basoak sortu eta sustatzea da helburua.

Eneko.

Nire basoa

Basoa bizi

Nire basoaren egunerokoa

Zergatik landatu baso bat?

Munduan bizitzaren (gure bizitzaren) egoera geroz eta larriagoa da. Gu bizi ahal izateko planetaren tenperatura, etengabe igotzen ari gara, haizea kutsatzen ari gara, ura zikintzen, lurra basamortu bilakatzen, ura agortzen, orduan eta abere eta landare gehiago desagertzen ari dira gure ekintzen ondorioz eta gizakiak guzti honekin harreman estua izanik, krisian dago bere muinean.

Ezin dugu horrela jarraitu ezer egin gabe. Agintari publikoek bere ardura dute honen gainean, baina irtenbidearen iturburua pertsona bakoitzaren ekintzan oinarrituko da. Lur sail gehienak pertsona pribatuen esku daude. Horrek esan nahi du gutako pertsona bakoitzaren esku dagoela honen gainean zerbait egitea. Eta denon banakako ekintzak batuz zerbait ederra eta bizigarria lortzea. Askotan txinparta bat behar izaten da sua pizteko eta zabaltzeko. Hemen idazten dudanaren asmoa hori da. Lursailak dauzkagunok edota erabiltzeko ahalmena dugunok landatu ditzakegu lekuari dagokion basoak eta honen eragina benetakoa eta iraultzailea izango da.

Zertarako landatu baso bat?

Ekarriko dituen onurak

  • Onura pertsonala. Ez gara jabetzen gizakiok kanpoko natura nola tratatzen dugun arabera, hala tratatzen dugula gure barruko natura. Honen ondorioz, ez da zaila ulertzea gaurko gizarteko pertsonok nola dauzkagun hainbeste gabezia espiritual eta hainbeste antsietate eta desoreka. Barruko hutsune handi baten adierazle besterik ez dira. Eman diezaiogun aukera bat gure buruari zoriontsu izateko eta pakea lortzeko. Landatu dezagun baso eder bat. Egin dezagun zerbait bizitzaren alde epe motzeko diru etekinaren zain egon gabe. Bizitzak hau baino askoz gehiago itzuliko digu. Zoriona ematen du diruaren truke egiten ez den zerbait egitea bizitzaren eta edertasunaren izenean bada.

  • Lekuan lekuko basoa da bizitza gehien eusten duen egitura naturala. Landare gehiago, abere gehiago, intsektu, zomorro, onddo, mikroorganismo‚Ķ ze milaka urtetan egokitu dira ingurune horretara bai jateko, bai babesteko, bizitzaren edozein ataletarako; eta era berean ingurunea ere aldatu dute hauek egitura konplexu eta aberats bat sortuaz. Ez da zuhaitz landaketa arrotz komertzial batean (pinutegi artifizial batean, esate baterako) gertatuko dena. Hemen ez dituzte abereek eta landareek behar dituzten baldintzak aurkituko ez janari aldetik eta beste inola ere.

  • Suteak ere zuhaitz landaketa artifizialetan zabaltzen dira bereziki.

  • Bestalde, denok dakigun bezala basoak haizea garbitzen du, CO 2 hartuz eta oxigenoa botaz, planetaren kutsadurari eta beroketari izugarrizko eragina egiten diolarik.

  • Urarengan eragin handia du. Orain basamortu bihurtzen ari diren lurraldeetan basoak baleude, ura egongo litzateke, ze basoek urari eutsi eta erakartzen dute, sortzen duten mikroklimaren ondorioz. Basoak kentzeagatik lur asko basamortu bihurtu dira eta beste batzuk bihurtzen ari dira, iberiar penintsulan bezala.

  • Uholdeak saihestuko ditu. Basoek eroritako ura lurpean jasotzen dute sustraiek egindako bideetan eta gutxinaka askatzen dute gero erreketan. Honen ondorioz, ura ez da lur azaletik abiadura bizian jaisten menditik eta gaur egun hain kaltegarri diren uholdeak sahiesten ditu. Errekak ez dira agortzen, ondorioz.

  • Jabetzen ez garen beste arazo larri bat ere bada basorik ez dagoenean euriak eta zenbait lekutan haizeak bizitzarako beharrezkoa den lur zoru geruza desagertarazten dutela betirako, higaduraren ondorioz eta lurra basamortu bihurtzen dela. Zuhaitzen sustraiek lurrari eutsi egiten diote eta hostoek euriaren astindua murrizten dute lurrarekiko.

  • Bestalde, paisaia hobetuko da eta ez zaizu janaririk faltako: gaztainak, urrak, perretxikoak, aranak, masustak, ezkurrak, jan daitezken igali eta landare mordo bat, barazkiak baino osasuntsuagoak direnak.

NOLA

1. LURSAILA

Zuk edo zure familiak lursail bat duzue?
Abian zeuk edo zure familiak lursailak dituzue edo beste edozein eran aukera daukazu bertako baso bat landatzeko. Lursail bat baduzu, edo beste edozein eratan lursail bat erabiltzeko aukera baduzu, zergatik ez hau basotu? Gaur egun lursailen gainean dagoen presioa (diru etekina lortzeko helburuz) txikiagoa da kasu askotan.

Arbasoetatik jasotako baserriak ez du martxan jarraitzen?
Errealitate bat da askok nekazaritza ez den beste bizibide bat daukagula egun. Askotan erdi ahazturik geratzen dira arbasoengandik jasotako baserrien lursailak, familiako kideak herri eta hirietara bizitzera joatean.

Baserritarra izanik lursail zati bat basotu nahi duzu?
Baserritarra izanik lursailen zati bat baso bihurtzea erabaki dezakezu, esate baterako lursailaren mugaren buelta guztian zerrenda bat landatuz.

Ez daukazu lursailik, baina bat basotu nahiko zenuke?
Utzita dauden eremuetan landaketa bat egiten utziko lizuketen galdetu dezakezu, edota Udaletara jo, landaketa bat egiteko lursail bat eskatuz.

2. EREMUA PRESTATU ETA LANDAKETA EGITEA

Hurrena landaketa egitea izango litzateke. Horretarako basogintzan berria bazara, laguntza beharko duzu espezieak aukeratzeko etabar. Horretarako nire laguntza izango duzu. Instituzio publikoen zenbait laguntza ere eskuragarri izango dituzu. Kontutan hartu basogintzara eta bereziki bertako basoa sortzera bideratutako laguntza publikoak badaudela.

GOMENDATUTAKO MATERIALA

Bideoak

Liburuak

Doan lagunduko dizut

Hasieratik bukaerara, baso bat sortzearen abenturan laguntzeko prest nago.
Nire esperientziatik abiatuz, jarduera hau zabaldu nahi dut eta beste pertsona eta lur jabe batzuk berdina egitera gonbidatu.
Soro bat basotu nahi duzu? Bidali mezu bat eta zurekin harremanetan jarriko naiz, bidean laguntzeko.

Arduraduna: Eneko Garmendia Olarra. NAN: 34101286Z. Helbide postala: 20.120 Hernani (Gipuzkoa). Posta elektronikoko helbidea: info@basotu.eus

Zuk igorritako informazioa gure enpresaren izenean kudeatzen dugu, gure zerbitzua eskaini eta zurekin harremanetan jartzeko. Igorritako datu horiek, harreman komertzialak irauten duen bitartean mantenduko ditugu, edota lege betekizunak errespetatzeko beharrezkoak diren urteetan zehar.

Datu pertsonal horiek ez zaizkie hirugarren batzuei helaraziko, beti ere legeak behartzen ez gaituen kasuetan izan ezik. Erabiltzaile aldetik, ondorengo eskubideak dituzu: zure zein datu pertsonal mota kudeatzen ditugun ezagutzea, horiek zuzendu nahiz ezabatzea, baimena ezeztatzea, tratamendua aurkaratu nahiz mugatzea, eta/edo datuen eramangarritasuna eskatzea.

Hori dela eta, zure datu pertsonalak jasotzeko baimena eskatzen dizugu. Orri honetan ikusi dezakezu pribatutasun politikaren inguruko informazio osoa.